- Mikel Jauregi sailburuaren apustua: Bilboko Portuko Agintaritzaren zuzendari kargua izango duen Antonio Aizen lekukoa hartu, eta URAren buru izateko
Joan den urriaren 22ko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen Asier López Etxebarria izendatzea Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi, Antonio Aiz egungo zuzendariak kargua utzi ondoren. Antonio Aiz Bilboko Portuko Agintaritzaren zuzendari izendatuko dute. Bi arduradunek modu koordinatuan lanean dihardute Agentziako zuzendaritzaren trantsizio eraginkor bati ekiteko, jada abiarazitako proiektuen jarraitutasuna eta garapena ziurtatzeko, kudeaketaren lehentasunak ezagutarazteko, eta XIII. legegintzaldian Euskadin uraren kudeaketaren ildo estrategikoak taxutzeko.
Orain arte, Asier López Etxebarria Saneamenduaren Ustiapeneko zuzendariordea zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan (BBUP). Portugaletekoa (72/11/15), bide, ubide eta portuetako ingeniaria (Santanderko ETS) eta PMP (Project Management Professional) da. Eskarmentu handia du hornidura eta saneamenduko azpiegitura hidraulikoen arloan.
Era berean, taldeko koordinatzailea eta AEASeko "Uren Arazketa" Batzordeko kide aktiboa da, Teknologia Saileko burua izan da BBUPn (2015-2017), goi-mailako ingeniaria BBUPko jasangarritasun, teknologia eta berrikuntzako zuzendariordetzan (2011-2015) eta saneamenduko proiektu eta obren zuzendariordetzan (2005-2010). Aurretik, Urbaserreko zonako ordezkari (2000-2005) eta ustiapeneko buru (1999-2000) izan da.
Asier López Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiren apustua da, URAren buru izan dadin eta legegintzaldi honetan aurre egin beharreko ardatz estrategikoen garapenean bultza dezan, hala nola gobernantza-ereduaren hobekuntza, uren arloko erakundeen arteko koordinaziorako hobekuntzak, segurtasun hidrikoaren bermea, uholdeetatik babesteko lurraldearen erresilientziaren areagotzea, edo Euskadiko ekosistema urtarren babesa eta lehengoratzea.