- Santurtziko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoekin, Uraren Euskal Agentziarekin, Ihoberekin eta Sprilurrekin batera, lankidetza-hitzarmena eta konpromisoak sinatu ditu Etxe Uliko zabortegi zaharreko ingurumena lehengoratzeko eta hura zigilatzeko.
- Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak azpimarratu duenez, "gaur aurrerapauso handia egin dugu Euskadiko zabortegi kontrolatugabe zaharrenetako bat lehengoratzeko, eta hainbat erakunderen arteko akordioari esker egin dugu. Etxe Uli iragazgaiztu eta zigilatuko dugu sei hamarkada baino gehiagoren ondoren. Iraganeko arazoei soluzioak bilatzeko unea da, eta aukera gisa"
- Eremuak dituen 100.000 metro karratu baino gehiago urbanizatu eta zerbitzu-azpiegiturez hornituko dira, ekonomia-jarduerak hartzeko prestatutako enpresa-eremua garatzeko.
- Proiektu honek, lehenengo fasean, 20 milioi euro inguruko zuzkidura du, eta eskualdeko ekonomia suspertzea xede duen Ezkerraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) barruan dago.
Gaur, Santurtziko Etxe Uliko zabortegi zaharreko ingurumena lehengoratzeko aurrerapen sendoa sinatu da. Elkarrekin eta koordinatuta jarduteko konpromisoen akordio bat sinatu da lau alderdiren artean. Hauek parte hartu dute akordioan: Karmele Tubilla, Santurtziko udaleko alkateak eta Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailari atxikitako eta haren mendeko sozietate publikoetako zuzendari nagusiekin batera, hain zuzen ere, Asier López, Ura-Uraren Euskal Agentzia-koa, Alexander Boto, Ihobe-koa eta Txaber Ouro, Spri Taldean integratutako Sprilur-ekoa.
Santurtziko Etxe Uliko zabortegi zaharreko ingurumena osorik lehengoratzea eta hura zigilatzea aurreikusten du hitzarmenak, eta 100.000 metro karratu baino gehiagoko eremua garatzea eta balioestea du helburu. Eremu osoa urbanizatu eta zerbitzu-azpiegituraz hornitu ondoren, prest egongo da ekonomia-jarduerak ezartzea errazteko.
Etxe Uliko zabortegia profil orografiko eta topografiko oso irregularrean egotea du bereizgarri nagusia, eta horri gehitu behar zaio urteetan zehar izandako hondakin organiko eta ez-organikoen etengabeko isurketa eta pilaketa. Ezaugarri horiek baldintzatu egiten dituzte ingurunea lehengoratzeko aurreikusitako lanak; izan ere, jarduketa garrantzitsuak egin beharko dira lurzorua konpontzeko, Molino erreka bideratzeko eta babesteko, hondakinak eta lixibiatuak kudeatzeko eta erretiratzeko, eta eskatzen den ingurumen-ziurtagiria betetzeko.
Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak balioetsi duenez, "gaur aurrerapauso handia egin dugu Euskadiko zabortegi kontrolatugabe zaharrenetako bat lehengoratzeko, eta hainbat erakunderen arteko akordioari esker egin dugu. Santurtziko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin eta koordinatuta lan egingo dugu, Sprilur, Ihobe eta Ura erakunde publikoen bitartez. Gaur sinatutako akordioari esker, Etxe Uli iragazgaiztu eta zigilatuko da sei hamarkada baino gehiagoren ondoren. Premiaz, Molino erreka desbideratuko da eta hondakin-urak eskualdeko saneamendu-sarearekin lotuko dira. Orain Etxe Ulik hartzen dituen ia 100.000 metro karratu horiek lehengoratu, urbanizatu eta azpiegiturekin eta zerbitzuekin egokituko dira etorkizunean jarduera ekonomikoak ezartzea errazteko".


